2012/09/20

Udako Kontuak


Aspaldi idatzi nuen azkeneko sarrera, uda aurretik hain zuzen ere. Asmoa, kontzertu bakoitzeko kronikatxoa, bideo edo argazkiak jartzea bazen ere, lanez gainezka izan naiz eta ezin izan diot behar besteko denbora eskaini. Zorionez hilabete oso mugituak izan dira eta zerbait idazteko tartetxoa atera nezakeenean nagiak irabazten ninduen. Beraz, ohitura onak berreskuratzeko, hilabete hauetako gauzarik aipagarrienak kontatzea otu zait.
Maiatzean txikitako ametsetako bat bete izan nuen. Athleticek kopako finala jokatu zuen egun berean, Zea Mays, Itziarren Semeak, El Mentón de Fogarty eta ni neu gonbidatuak izan ginen partidua hasi aurreko itxaronaldia alaitzeko. Garaipena falta eguna behar bezala borobiltzeko baina, ulertuko duzuenez, ni bezalako Athletic zale batentzat belardia zapaltzea askotan amestutako gauza da, eta zer esan bertan jotzeko bada! Hiru kantu egin nituen. Hemen argazki bat.


 Larrabetzun Lauaxetaren omenezko kontzertuko lanak bukatuta eta“Enaren geometria” birarekin jarraituz, Facebook zein agendaren bidez jakinarazi dizuedanez, leku batzuetan ibili gara azkenekoz idatzi nuenetik. Aspaldiko partez, kontzertu batzuk egin izan ditut gitarra soilik lagunduta, edota Txus Aranburu piano-jotzailearekin batera. Horietako bat, Londoneko Oxford Centerren izan zen.
Euskal etxeko arduradunen gonbitea jasota, gitarra hartu eta hantxe azaldu nintzen. Egun osoko egitaraua zeukaten prestaturik. Tartean Porrotx, Patakon eta Marimototxen emanaldia ere. Nik egunari amaiera eman nion kontzertu akustiko batekin. Jende jatorra eta giro beroak babestuta gogoan gordetzeko momentuak bizi izan nituen. Horra hor kantutxo bat.


 Tarte honetan taldearekin emanaldi berezi batzuk egin ditugun arren (Gasteizko Katedrala, Donostiako jaiak…) denbora gehien kendu didan kontua antzerkia izan da. Aurten zoritxarreko galarrenaren 100.urteurrena ospatu dute Bermeotarrek, besteak beste, Carlos Panerak zuzendutako herri opereta batekin. Opereta horren zuzendaritza musikalaren ardura nik izan dut. Ordu eta laurdeneko iraupena eta musikak etengabe jotzen! Lan gogorra izan den arren, plazer handia izan da Bermeoko herriarekin harremana estutzea eta, alde musikaletik, Etxahun Iruriren ekarrian gehiago sakondu izana, eginiko konponketa gehienak berak sortutako melodia zoragarrietan oinarrituak baitziren.
Lan honen bideorik ez dudan arren ( Emanaldia Donostiako kontzertuarekin batera gertatu zen) aurreko eguneko entseguaren argazkitxoren bat badut


 Azkeneko abentura Hortzmuga antzerki taldearen azkenengo lanaren eszena bati musika jartzea izan da. PILT-en tankerako zerbait egiteko agindua eman zidaten eta asko dibertitu ginen Xanpe eta biok grabaketan.
Bueno, ba hauek izan dira, gutxi gora behera, denbora guzti honetan bizitako gorabeheren zertzelada batzuk. Aurrerantzean “Enaren Geometria” birarekin jarraitzeko asmoa dugu. Beraz, interesa baduzue jarri gurekin kontaktuan eta hantxe izango gaituzue.

Hurrengora arte eta izan zoriontsu!!

P:D. San Mamesen jo nuenekoak kapitulu berezia merezi du, jeje. Ez dut bideorik. Kasualitatez norbaitek zerbait grabatu bazuen eskertuko nuke nirekin kontaktuan jartzea.