2012/03/20

AZPEITIKOA

Aupa lagunak.
Azkenekoz hemendik berri eman nuenetik gauza mordoa gertatu diren arren, joan den asteburuko kontuan jarriko dut arreta. Oraingoan, Azpeitiko San Agustin kulturgunean genuen zita. Leku bitxia eta benetan ederra. Eliza izandakoa, antzoki-jantoki bihurtua herria eta ingurukoen zorionerako. Bilborocken ez bezala, San Agustinen, garai bateko elizaren aldareko erretaula eszenatokiaren atzealdean mantendu dute baina teloi beltz batzuek behealdea tapatuz.  Ziur nago, argiztapen egoki batekin, Euskal Herriko eszenatokirik bitxienetakoa litzatekeela, bitxiena ez bada. Pena, momentuz, horretaz ez baliatzea. Horra hor argazkia.



Ostiral goiza ajearekin hasi genuen athleticzaleok, eta eguerdiko 12etan Berria egunkariko kazetari batekin zita izateak ez zuen baikortasunerako beta handirik eskaintzen. Hala ere indarrak atera genituen atakatik onik ateratzeko – arreta jarri aurki atera behar den elkarrizketako argazkietan, kar,kar-.
Bazkal ostean Xanperen furgoneta hartu eta Azpeitirako bidean. Soinu froga 6etan hitzartuta zegoen eta, ordurako, bezperako aje guztiak iragan urrunean gelditu behar ziren kontzertuari behar besteko indarrarekin aurre egiteko.
Entseguaren ostean ezin hobeto afaldu genuen bertoko teknikariekin solas ederrean. Inoiz asteburu pasa baldin bazabiltzate inguru horietatik, kontzerturik dagoen enteratu zaitezte. Plan ona litzateke kontzertu aurretik San Agustinen bertan afaltzea. Mahaia eszenatoki ondoan, afari ederra eta gainera kontzertua, ez zaizue damutuko.
Gurea 11.30ak aldera hasi zen. Ez zen jende askorik gerturatu baina aretoa leporaino egongo balitz bezain gogotsu taularatu ginen. Eskerrak eman behar dizkizuet gerturatu zineten guztioi eta bertoko langileei gu horren ondo hartzeagatik.
Kontzertuko kantutxo batekin utziko zaituztet. Soinua ez da nahi bezain ona eta, hori disimulatzeko, kantu lasaia aukeratu dut oraingoan.

P.D. Azpeititik bueltan Ertzaintzak gelditu gintuen alkoholimetroan putz egiteko, eta 0,0.!! Eskerrak horrek guztiak ostegun gauean aparkatu genituela!
Hurrengora arte!